POLICY LAB: gizarte-esperimentaziotik bizi-luzetasunaren arloko gizarte-berrikuntzako politika-agendetara
Nola bihurtu esperimentazioa politika publiko berriak garatzeko oinarri? Galdera horrek gidatzen du POLICY LAB, lurraldeetan garatutako esperientziak bizi-luzetasunaren erronkari erantzuteko gizarte-politiken eta politika soziosanitarioen diseinuarekin lotzen dituen Transis Lab-en programa. Haren helburua Living Lab-ak sortutako ebidentzia eta ikasgaiak ekintza publikorako agenda, estrategia eta tresna bihurtzea da, mugaz gaindiko zein tokiko mailan aldi berean lan eginez.
Mugaz gaindiko mailan, POLICY LAB-ek Bizi-luzetasunaren arloko Gizarte Berrikuntzako Mugaz Gaindiko Agenda bultzatzen du, Euskadik, Nafarroak, Akitania Berriak eta Okzitaniak partekatutako esparru gisa. Agendak ideia argi bat du abiapuntu: bizi-itxaropena handitzea gure gizarteen lorpen handienetako bat da, baina, aldi berean, gizarte-politikak eta politika soziosanitarioak erronka berrietara egokitzea eskatzen du, besteak beste, hauskortasunera, zaintzetara, bakardadera, zerbitzuetarako sarbidera eta lurralde-desberdintasunetara. Landa-eremuetan, hiri-inguruetan eta mugaz gaindiko lurraldeetan, gainera, erronka horiek ezaugarri bereziak dituzte, sakabanaketa geografikoarekin, despopulazioarekin eta erakunde-sistemen aniztasunarekin lotuta.
Bizi-luzetasunaren arloko Gizarte Berrikuntzako Mugaz Gaindiko Agendak gizarte-berrikuntzaren printzipioetatik abiatuta heltzen die erronka horiei. Horrek esan nahi du programetan eta zerbitzuetan soilik oinarritutako politiketatik harago joatea, eta lankidetzan aritzeko, esperimentatzeko, ebaluatzeko, ikasteko, ezagutza transferitzeko eta irtenbideak beste eskala eta testuinguru batzuetara hedatzeko gai diren politikak garatzea. Gizarte-berrikuntza, horrela, politika publikoak eraikitzeko modu bihurtzen da: gizarte-, osasun- eta komunitate-sistemak elkarrekin lotuz; profesionalak, erakundeak eta herritarrak inplikatuz; irtenbideak testuinguru errealetan probatuz; eta sortutako ebidentzia erabaki berriak hartzeko baliatuz.
Mugaz gaindiko ikuspegi hori beste lan-maila batekin osatzen da: Bizi-luzetasunaren arloko Gizarte Berrikuntzako Tokiko Agendekin. FRAGILAB-en bidez garatutako esperientzia pilotuek aukera ematen dute lurralde bakoitzaren beharrak eta gaitasunak identifikatzeko, erantzun berriak esperimentatzeko eta haien emaitzak ebaluatzeko. Ezagutza horretatik abiatuta, lurralde bakoitzak bere erronkak, lehentasunak eta proiektuak zehaztu ditzake, adineko pertsonen autonomia sustatzeko, hauskortasuna prebenitzeko eta haien ongizatea hobetzeko.
Horrela, diagnostikoa, esperimentazioa eta politika publikoa lotzen dituen prozesua eratzen da: FRAGILAB-ek tokiko errealitatea hobeto ezagutzen laguntzen du; esperientzia pilotuek irtenbide berriak probatzeko aukera ematen dute; ebaluazioak ebidentzia eta ikasgaiak sortzen ditu; eta POLICY LAB-ek ezagutza hori Tokiko Agendetan gauzatzen du, Bizi-luzetasunaren arloko Gizarte Berrikuntzako Mugaz Gaindiko Agenda elikatzeko.
Transis Lab-ek, horrela, elkar osatzen duten bi norabide lotzen ditu: lurraldeetatik ikastea mugaz gaindiko ikuspegia eraikitzeko, eta partekatutako ezagutza berriro lurraldeetara eramatea. Helburua da mugaz gaindiko lankidetza esperientziak trukatzera soilik ez mugatzea, baizik eta gizarte-politika eta politika soziosanitario prebentiboagoak, komunitarioagoak, parte-hartzaileagoak eta ebidentzian oinarrituak garatzen laguntzea.