FRAGILAB: hauskortasuna prebenitzeko eta adineko pertsonei hobeto laguntzeko sei esperientzia

Transis Lab-ek, FRAGILAB programa esperimentalaren bidez, gizarte-berrikuntza sustatu du Euskadiko, Nafarroako, Pirinio Atlantikoetako eta Pirinio Garaietako sei landa- eta hiri-inguruko lurraldetan, galdera oso zehatz bati erantzuteko: gai al gara adineko pertsonen hauskortasun-egoerak hautemateko, epe luzera haien autonomia eta ongizatea mantendu ahal izateko?

Galdera horri erantzuteko, sei esperientzia pilotu jarri ziren abian Biasteri Zurekin-Laguardia Contigo, Muskiz Adi, Aguinaga, Sakana, Pirinio Atlantikoak eta Haut-Adour eta Val d’Adour eremuetan. Guztira, 186 adineko pertsonak hartu zuten parte. Lurralde bakoitzak bere errealitatera egokitu zuen esku-hartzea: FRAGILAB-en bidezko hauskortasunaren balorazioa banakako laguntzarekin, jarduera fisiko, kognitibo eta sozialekin eta komunitate-ekimenekin uztartu zuen, eta inguruko gizarte- eta osasun-baliabideekiko lotura ere indartu zuen.

Lehen emaitzak itxaropentsuak dira. Esku-hartzearen aurretik eta ondoren ebaluazioa osatu zuten pertsonen artean, erdiek baino gehiagok hobera egin zuen hauskortasun-egoerari dagokionez, eta hauskortasun-egoeran zeuden parte-hartzaileen proportzioa murriztu egin zen. Bereziki aipagarriak izan ziren zerbitzu eta baliabideetarako sarbidean izandako hobekuntzak, baita ongizate emozionalean eta gizarte-laguntzan ikusitako aurrerapenak ere. Dena den, esperientzietatik ateratako ikasgai nagusia zenbakietatik harago doa. Esperientzia pilotuek erakutsi dute zein garrantzitsua den pertsonengandik hurbil eta komunitatetik abiatuta lan egitea. Zenbait kasutan, ordura arte gizarte-zerbitzuekin harremanik ez zuten adineko pertsonengana iristeko, kalteberatasun-egoerak garaiz hautemateko, isolamendua murrizteko eta gaitasunak nahiz gizarte-harremanak indartzeko aukera eman dute.

Horretarako, ezinbestekoa izan da udalen, gizarte- eta osasun-zerbitzuen, profesionalen, gizarte-erakundeen eta komunitate-eragileen arteko lankidetza. Tokiko talde eragileek eta komunitate-lotzailearen rola betetzen duten pertsonek konfiantza sortzen, baliabideak pertsonengana hurbiltzen eta bakoitzaren beharretara egokitutako erantzunak eraikitzen lagundu dute. Esperientziek, halaber, aurrerantzean ere landu beharreko erronkak identifikatzeko aukera eman dute, besteak beste, landa-eremuetako mugikortasun-zailtasunak, gizonen parte-hartze txikiagoa eta konfiantzazko harremanak eraikitzeko behar den denbora.

FRAGILAB-en ekarpena, beraz, sei esperientzia pilotuetatik harago doa. Bizi-luzetasunaren arloko esperimentaziorako gida eta metodologia komunak sortu ditu, hainbat lurraldetara egokitu daitezkeenak. Horrez gain, partekatutako esperientziatik ikasten duen mugaz gaindiko sare bat sendotu du. Lortutako emaitzek FRAGILAB-ek hauskortasuna prebenitzeko eta autonomia sustatzeko modu berriak esperimentatzen jarraitzeko duen ahalmena berresten dute. Era berean, Transis Lab Living Lab-ak testuinguru errealetan irtenbideak probatzeko, haietatik ikasteko eta sortutako ezagutza politika bihurtzeko duen balioa erakusten dute, bizi-luzetasunaren arloko politika prebentiboagoak eta komunitarioagoak garatzeko, pertsonak erdigunean jarrita.

Retour haut de page