Transis Lab IV. Topaketa – Azaroak 4

Bizitza-luzetasunetik mugaz gaindiko belaunaldiarteko elkartasunera: zaintzan berritzea, belaunaldiak lotzea

Mugaz gaindiko Transis Lab IV. topaketa datorren azaroaren 4an egingo da, 8:30etatik 17:00etara, Tabakaleran (Donostia – San Sebastián). Topaketa hau funtsezko unea da proiektuan bizitza-luzetasunaren arloko gizarte-berrikuntzaren inguruan egindako lanaren emaitza eta ikaskuntza nagusiak partekatzeko eta belaunaldien arteko elkartasuna nahiz POCTEFA eremuko lankidetza indartzera bideratutako etapa berri bati ekiteko.

“Bizitza-luzetasunetik mugaz gaindiko belaunaldiarteko elkartasunera: zaintzan berritzea, belaunaldiak lotzea” lelopean, jardunaldiak elkarren artean estuki lotuta dauden bi erronka uztartzen dituen ibilbidea proposatzen du: arreta- eta zaintza-eredu berritzaileago, prebentzioan oinarrituago eta komunitatearekin lotuagoetarantz nola egin aurrera, eta bizitza-luzetasun gero eta handiagoa duten gizarteetan belaunaldien arteko loturak eta elkartasuna nola indartu.

Topaketa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburu Nerea Melgosaren irekiera instituzionalarekin hasiko da, Donostiako alkate Jon Insaustirekin batera, eta politika publikoetan bizitza-luzetasuna eta belaunaldien arteko elkartasuna uztartzearen garrantzia nabarmenduko dute. “Luzaroago bizi, elkarrekin bizi: bizitza-luzetasuna eta belaunaldien arteko elkartasuna” hitzaldi nagusia Guy Le Charpantierrek, ReSanté-Vous erakundeko (Frantzia) zuzendariak, emango du, eta bere hitzaldian proiektuaren bi ardatzen arteko lotura jorratuko du. Programak “Esperimentazioa, transferentzia eta politikak. Transis Lab proiektuaren eragina” liburuaren aurkezpenarekin jarraituko du, eta bertan proiektuaren emaitzak biltzen dira. Aurkezpena Eusko Jaurlaritzako Ongizateko sailburuorde Ivan Larrazak egingo du.

Goizeko une nagusietako bat Living Lab ereduari eta bizitza-luzetasunaren arloko zerbitzu-sistemari eskainitako tartea izango da —FRAGILABek bultzatuta—, baita belaunaldien arteko elkartasunaren esparruan esperientzia berriak garatzeko aukerei eskainitakoa ere. Javier Castro-Spilak, Transis Labeko koordinatzaileak, bloke hau aurkeztuko du eta esperientzia pilotuen arduradunek lurralde desberdinetan izandako ikaskuntzak eta sortutako eragina partekatuko dituzten mahai-inguru batekin osatuko da. Andere Goirigolzarri (Grupo SSI), Anthony Pagys (ReSanté-Vous), Zuriñe Mindeguia (Zabalduz), Itxaso Troyas (Garaian) eta Kevin Gouraud (Conseil départemental des Hautes-Pyrénées) izango dira parte-hartzaileak.

Goizari amaiera emateko, Txerra García de Eulatek, Nafarroako Gobernuko Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko zuzendari nagusiak, “Bizitza-luzetasunaren arloko Gizarte Berrikuntzako Politiken Mugaz Gaindiko Agenda” aurkeztuko du, eta ondoren mahai-inguru bat egingo da mugaz gaindiko agenda eskualde-ikuspegitik aztertzeko Ivan Larraza (Euskadi), Frédéric Bousquet (Hautes-Pyrénées) eta Anne Créquis (Pyrénées-Atlantiques) parte hartuko dutela.

Bazkalostean, Aranzazu Chacónek, Eusko Jaurlaritzako Aniztasun, Bizikidetza eta Belaunaldiarteko Elkartasunaren zuzendariak, Transis Lab II proiektuaren aurrerapenak eta lan etapa berria aurkeztuko ditu. Ondoren, “Belaunaldien arteko elkartasuna sustatzeari buruzko mugaz gaindiko elkarrizketak” lurralde desberdinetan garatzen hasiko diren esperientzia pilotuak ezagutzeko eta fase berri honetako erronkei buruzko ikuspegiak partekatzeko aukera emango du.

Topaketa Claire Dubreuil Toulouseko Unibertsitateko irakasle eta belaunaldien arteko elkartasunean, zahartze aktiboan, gizarte-kohesioan eta zaintzaren ekonomiako berrikuntzan adituak emango duen hitzaldi inspiratzaile batekin amaituko da, “Belaunaldien arteko elkartasuna bizitza-luzetasun handiko gizarteetan loturak berreraikitzeko”.

* Egitarauak aldaketak izan ditzake.

To top