INTERGENLAB: belaunaldien arteko loturak sendotzeko esperimentatzea

Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak gidatzen duen eta Interreg POCTEFAk finantzatzen duen Transis Lab Intergeneracional (2026–2028) proiektuak Euskadiko, Nafarroako, Pirinio Atlantikoetako eta Pirinio Garaietako 14 erakunde —erakunde publiko, sozial eta pribatuak eta unibertsitateak— biltzen dituen mugaz gaindiko aliantza bat osatzen du. Esparru horretan garatzen da INTERGENLAB, hiri-, landa- eta hiri-inguruko testuinguruetan gizarte-berrikuntzako esperientzia pilotuen multzoa bultzatzen duen programa esperimentala, belaunaldien arteko elkartasuna, elkarrekikotasuna eta ikaskuntza indartzeko.

Esperientziek belaunaldien arteko elkartasunaren ikuspegi zabala dute abiapuntu: helburua ez da belaunaldi desberdinetako pertsonak elkartzea soilik, baizik eta elkarri laguntzeko, lankidetzan aritzeko, parte hartzeko eta elkarrengandik ikasteko harremanak eraikitzea. Esperientzia pilotuek askotariko esparruak jorratzen dituzte: adinari lotutako estereotipoak eraldatzea, mentoretza, laguntza, komunitate-sareak eta parte hartzeko nahiz erakundeen artean lankidetzan aritzeko modu berriak, besteak beste. Esperientzien % 75ek sentsibilizazio-ekintzak jasotzen ditu, eta % 62,5ek zuzeneko esku-hartzeak eta izaera sistemikoko jarduerak uztartzen ditu. Gizarte-berrikuntzaren osagai dira, halaber, metodologiak egokitzea, lehendik dauden baliabideak elkarrekin lotzea eta administrazioen, erakundeen, profesionalen eta herritarren arteko lankidetzarako modu berriak probatzea.

Aniztasun hori esperimentaziorako eta ebaluaziorako esparru komun baten bidez egituratzen da. Esparru horri esker, hipotesiak formulatu, aldaketak eragiten dituzten mekanismoak aztertu, emaitzak eta inpaktuak ebaluatu eta lurralde desberdinetan ateratako ikasgaiak alderatu ahal izango dira. INTERGENLAB-ek, horrela, tokiko esperimentazioa ezagutza partekatu eta transferigarri bihurtu nahi du, beste testuinguru batzuetan ere erabil daitezkeen metodologiak eta tresnak sortuz. Prozesu hori Belaunaldien arteko Elkartasunerako Tokiko Agendak lantzeko oinarri izango da; agenda horietan lurralde bakoitzeko erronkak, lehentasunak eta proiektuak zehaztuko dira. Era berean, agenda horietatik ateratako ikasgaiek Belaunaldien arteko Elkartasunaren arloko Gizarte Berrikuntzako Mugaz Gaindiko Agenda eraikitzen lagunduko dute, belaunaldien arteko politika inklusiboagoak, parte-hartzaileagoak, komunitarioagoak eta jasangarriagoak garatzeko.

Retour haut de page