Transis Lab-ek IV. topaketa egingo du: bizi-luzetasunetik belaunaldien arteko elkartasunera
2026ko azaroaren 4an, Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak Transis Lab-en laugarren topaketa hartuko du, «Bizi-luzetasunetik belaunaldien arteko elkartasunera: zaintzak berritu, belaunaldiak lotu» lelopean. Jardunaldia mugaz gaindiko topagune bat izango da, elkarri estuki lotutako bi erronkari aurre egiteko emaitzak, esperientziak eta erantzun berriak partekatzeko: biztanleria gero eta luzeago bizi den testuinguruari nola erantzun, eta belaunaldien arteko loturak eta elkartasuna nola indartu.
Goiza Transis Lab 1 proiektuaren itxierari eskainiko zaio: Landa-eremuetako bizi-luzetasunaren arloko gizarte-berrikuntzako mugaz gaindiko Living Lab-a (2024–2026). Proiektua Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak gidatzen du, eta Interreg POCTEFA programak finantzatzen du. Proiektuaren emaitza nagusietako bat aurkeztuko da: Transis Lab mugaz gaindiko Living Lab-a, Euskadik, Nafarroak, Pirinio Atlantikoek eta Pirinio Garaiek partekatzen duten esperimentazio-azpiegitura. Haren bidez, esperimentatu, ezagutza sortu eta bizi-luzetasunari nahiz belaunaldien arteko harremanei lotutako politikak diseinatzen lagundu nahi da.
Esparru horretan, FRAGILAB aurkeztuko da: hauskortasunari heltzeko eta adineko pertsonen autonomia toki-mailan sustatzeko programa esperimentala, sei esperientzia piloturen bidez garatu eta baliozkotu dena. Topaketak aukera emango du programaren emaitzak eta ikasgaiak ezagutzeko, baita esperimentazioak ebidentzian oinarritutako bizi-luzetasunaren arloko gizarte-politikak garatzeko duen balioaz eztabaidatzeko ere. Goizari amaiera emateko, Bizi-luzetasunaren arloko Gizarte Berrikuntzako Mugaz Gaindiko Agenda aurkeztuko da, bizi-luzetasunak gizarteei dakarkien erronkari erantzuteko gizarte-politiken esparru berri bat bultzatzeko tresna gisa.
Bazkalostean, Transis Lab 2 proiektua izango da ardatz: Belaunaldien arteko elkartasunerako mugaz gaindiko lankidetza (2026–2028), mugaz gaindiko lankidetza honen etapa berria. Arratsaldean, INTERGENLAB aurkeztuko da, belaunaldien arteko elkartasuneko esperientzia pilotuak garatzeko programa esperimentala. Programak Euskadi, Nafarroa, Pirinio Atlantikoak eta Pirinio Garaiak lotuko ditu, eta belaunaldien artean elkarri laguntzeko, zaintzak partekatzeko, ezagutza transmititzeko, parte hartzeko eta elkarrekin bizitzeko modu berriak sustatuko ditu. Lau lurraldeen arteko elkarrizketak aukera emango du, halaber, esperientzia horietatik ateratako ikasgaiak belaunaldien arteko elkartasunerako estrategia eta politika publiko berriak lantzeko nola baliatu aztertzeko.
Azaroaren 4an Donostian egingo den topaketan parte hartzera eta Transis Lab komunitateko kide izatera gonbidatzen zaituztegu. Jardunaldia aukera izango da esperientzia zehatzak ezagutzeko, ikasgaiak partekatzeko eta mugaren bi aldeetako administrazioak, gizarte-erakundeak, profesionalak eta ezagutzaren arloko eragileak helburu komun baten inguruan biltzeko: hobeto bizitzeko berritzea, komunitatean bizitzeko berritzea.