Europako landa- eta hiri-lurralde askotan bi errealitate bizi dira elkarrekin, sakonki lotuta egon arren, gutxitan gurutzatzen direnak. Alde batetik, ahultasun-egoerak, nahi gabeko bakardadea edo autonomia-galera progresiboa pairatzen dituzten adineko pertsonak; bestetik, langabezia, lan-prekaritatea, emantzipatzeko zailtasunak eta bizi- zein lan-aukeretarako sarbide mugatua dituzten gazteak.
Transis Lab. Belaunaldien arteko Elkartasunerako Mugaz Gaindiko Lankidetza belaunaldien arteko zubiak eraikitzeko eta distantzia hori lankidetzan, elkarrekiko ikaskuntzan, aukera berrietan eta komunitate-bizitzan bihurtzeko asmoarekin sortu da. Planteamendua premisa argi batetik abiatzen da: gizarte-erronka konplexuak ezin dira politika sektorial edo zatikatuen bidez landu, aitzitik, erantzun partekatuak behar dituzte, adin desberdinetako pertsonen arteko aukeren, baliabideen eta erantzukizunen banaketa bidezkoagoan oinarrituak, bai oraingo belaunaldientzat bai etorkizunekoentzat.
Proposamena ez da hutsetik abiatzen. Transis Lab: Bizitza Luzetasunerako Berrikuntza Sozialerako Mugaz Gaindiko Living Lab-aren esperientzia eta ikaskuntzak ditu oinarri, non ahultasun-egoeran dauden adineko pertsonak laguntzeko modu berriak aztertu ziren, bereziki landa-inguruneetan. Oinarri sendo horretatik abiatuta, proiektu berriak bere begirada zabaldu eta gazteria erdigunean txertatzen du, belaunaldien arteko elkartasuna gizarte eta lurralde berrikuntzaren ardatz gisa kokatuz.
Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografiko Saila da proiektuaren buru, eta 14 erakundek osatutako partzuergoa biltzen du, administrazio publikoen, unibertsitateen eta gizarte-erakundeen artean, elkarrekin lan egingo dutenak belaunaldien arteko elkartasunaren erronkei irtenbide berritzaileak diseinatzeko, esperimentatzeko eta finkatzeko. 2026ko urtarriletik aurrera eta hiru urtez (2026-2028), mugaz gaindiko dispositibo horrek lankidetza modu berriak sustatuko ditu Euskadin, Nafarroan, Pirinio Atlantikoetan eta Pirinio Garaietan. Europar Batasunak FEDER funtsen bidez kofinantzatzen du ekimena, INTERREG POCTEFA 2021-2027 programaren esparruan.
Transis Lab. Belaunaldien arteko Elkartasunerako Mugaz Gaindiko Lankidetza belaunaldien arteko elkartasuneko 11 esperientzia pilotu jarriko ditu martxan lurralde desberdinetan, 200 gazte eta 200 adineko pertsonen parte-hartze zuzenarekin. Esperientzia horiek landa- zein hiri-inguruneetan garatuko dira, eta hainbat arlo jorratuko dituzte; elkarrekiko laguntza, zaintza partekatuak, jakintzen transmisioa, parte-hartze soziala, elkarbizitza eta aukeren sorkuntza.
Transis Lab-ek arreta berezia jartzen du ezagutzaren kapitalizazioan eta politika publikoetara transferitzean. Emaitzak eta ikaskuntzak sistematizatu eta partekatuko dira erakunde akademiko, sozial eta administrazio publikoen 145 profesional eta arduradun teknikoekin, mintegien, mugaz gaindiko topaketen eta material praktikoen bidez. Transferentzia-prozesu horrek, eskualdeko lau ekintza-plan eta berrikuntza sozialeko eta belaunaldiarteko mugaz gaindiko estrategia bat garatzeko oinarria emango du.
Zahartze demografikoak, lurraldeen arteko desberdintasunek eta gizarte-aldaketa azkarrek markatutako testuinguru batean, proposamena etorkizunari lankidetzatik begiratzea da, ez zatiketatik. Horrela, ekimena Europar Batasunak eta Eusko Jaurlaritzak Europa sozialago, inklusiboago eta kohesionatuago baten alde duten konpromisoan kokatzen da, 4. helburu politikoarekin bat datorrena: Europa sozialago bat, non berrikuntza ez den soilik teknologikoa, baita soziala eta sakonki gizatiarra ere.
Proiektua sarea aktibatuz abiatzen da
TRANSIS LAB 2-a abiarazteko ekintza gisa, datorren otsailaren 5ean, Belaunaldien arteko Elkartasunaren Mugaz Gaindiko Lehen Topaketa egingo da Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, inplikatuta dauden eragile ezberdinak elkarlotzeko, Living Lab-aren ikuspegia partekatzeko eta esperientzia pilotuen garapena zein politika publikoetara transferentzia lagunduko duen lankidetza-sarea aktibatzeko gunea.